XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

lazkano Orain ere (eta oraino ere) bailara mailako Ikastola konzentrazioaren hauzia genuen gure artean; Zeruko Argian lehen ere aipatu izan dena.

Bapatean, orain, Lazkanoko ikastolari sortu zaio egundoko nahaspila eta istilua.

Orain zenbait urte, lege aldetik etorri zitzaion Lazkanoko ikastolari itolarrizko hestuasuna: goardizibilak etorri eta prezintatu ikastola.

Orduan, herriko fraileei, benediktinoei, eskatu zitzaien laguntza: alegia, beren gain har zezatela legalizazio alderdia.

Baina, horixe hain xuxen: legalizazioa.

Ikastola gauza bait zen ordurako bere bidea egiteko; herriak zuen sortu eta herriak zuen hartua haren respontsabilitatea eta herriak zeraman al zen moduan bideak urratuz.

Fraileek baiezkoa eman zuten, herritar bati dagokionez.

Baina laster ziren gauzak lardaxkatu.

Aita Mauro izan zan, eta da, protagonista.

Denok dakigu, orduan eta gaur badirala taldekeriak ikastola alorrean.

Honatx: bera hala kutsatua zegoelako, Lazkanon sustraiturik ez zuan alderdikeriara eraman nahi izan zuan ikastola.

Baina alferrik.

Gogor eutsi zion herriak arazoari.

Eta gogortasun horretan da bizitua Lazkanoko ikastola, eta horrela da hainbesteraino sendotu.

Harik eta, Aita Maurok, bere kolkotik, fraileetatik hautatu zuan zuzendaria, aita Migel zana (goian bego) hil zan arte.

Heriotza honek are larri handiagoa sortu zuan ikastola eremuan lanean ari ziranen artean.

Inork ez jakin zein aldetara joko gure Abateren haizeorratzak.

Izan zan susmorik frango.

Zein ipiniko ote zuan zuzendari? Ahoz aho izen bat, bestea, bestea, zebilen.

Joan dan udazkenean edo, zurrumurrua zabaldu zan, Ikastola, fraileen babesetik atera eta Lazkanoko erretorearen babesean jarri nahirik zebilela gure aita Mauro.

Ez zan posible.

Nolaz egin zezakean horrelakorik? Inorekin (ez Juntako, ez inongo inorekin) kontatu gabe? Bera al zan bada, Ikastolaren jaun eta jabe? Bere garaian, gurasoak joan zitzaizkion legalizazio problema bere gain har zezala eskatuz; baina beste indarrik ez zion eman.

Orain, egiteko hori, legalizazio problema, karga astunegia gertatzen bazitzaion, bide bakarra, bide zuzen bakarra, Juntari edo Ikastolako Batzarrari aditzera ematea zan.

Ez zan beraz halako jokorik posible ikusten.

Halatan, martxoaren 3a.

Eta mezetan, astearte arratserako Ikastolako bilera konbokatzen dute.

Behin ere egin ez zan bezala.

Inoiz ere ez zuan aita Maurok bilerarik konbokatu.

Beti, gauza egokia den bezala, Juntak konbokatu izan du.

Ba, oraingoan ez.

Eta hona astearte arratsa.

Lazkanoko Ikastolarentzat, 1974eko martxoaren 5a, egun famatua.

Bilera arratseko bederatzietan.

Jendea bildu da.

Nundik ala handik, jendea enteratu da zein dan bilerako puntua.

Eta nerbioso dago.

Hona bada.

Aita Maurok bere azalpena egin zuan.

Labur.

Ez zuan gairik luzatzeko.

Egina zegoen egin beharrekoa.

Horrelakorik!

a) Ikastolaren prozesua agertuz hasi zan: lehendabizi, parrokiaren izenean egon omen zan; gero, benediktinoen izenean, eta orain, bidezkoa omen da, berriz ere parrokiaren eskuetara pasatzea.

b) Ondoren, erretorearen eskuetara ipini zituan legalizazio paperak.

Eta adierazi zuan, erretorea zala aurrerantzean Director Pedagógicoa.

d) Erretoreak, bere aldetik, kargu honekin harria erori zitzaiola esan zuan; baina ikastolaren onerako lan egiteko pronto zegoala.

Eta jendeari laguntza eskatu zion.

e) Gurasoen erreakzioa.

Aho batez egindakoaren kontra agertu ziran, eta pauso berriak emateko gogoa agertu zuten.

Aita Maurok agertutakoari kritika gogorra egin zitzaion: ikastola parrokiak sortua ez baina gurasoak sortua izan da.

Oraingo pauso hau emateko inorekin ez du kontatu aita Maurok: ez Juntarekin, ez gurasoekin, ez eta orain zenbait urte beren gain hartzeko hitza eman zuten beste fraileekin ere, esaten diote gurasoek.

Gainera, erasten dute, lan horretarako erretorea hautatzea izan ditekeen makurrik handiena dela, lehen ere herria etenik dagoalako gizon horrekin.

Bestalde, zergatik oraingo kaka-lardaxketa hau, ikastola hain ondo zihoanez gero?

Erretoreari ere honela galdetzen zaio.

Ikastolaren alde lan egiteko prest bazaude, lagunduko al duzu legalizazioa herriarengana pasatzen? Erantzuna hau izan zan: alegia, jendea han nerbioso zegoala, eta hori ondo pentsatu behar zala.

Kronika hau Lazkanora helduko danerako, batzar bat egina izango du.

Haritz gogorra, haize astinaldi asko hartutakoa omen.

IRATZEMENDI.